Aplikazio hau Elhuyarren itzultzaile automatikoari dagokio. Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako puntako teknologia darabil, eta doan deskarga daiteke. Sei hizkuntza dakizki: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa. Eta hizkuntza horietako edozeinen arteko itzulpenak egiteko erabil daiteke.
Aplikazio hau mugikorrera deskargatuta, irakurtzen ari garen edozein testu itzultzeko erabil dezakegu. Horretarako, aski dugu testua aplikazioan idaztea, zer hizkuntzatara itzuli nahi dugun aukeratzea eta “Itzuli” botoia sakatzea. Elia aplikazioaren lasterbidea aktibo baldin badaukagu, gainera, ez dugu testua aplikazioan bertan idatzi beharrik. Mugikorrean, Elia aplikaziotik kanpo, edozer irakurtzen ari garela, testua aukeratu, kopiatzeko botoia sakatu, eta Elia aplikazioaren ikonoa agertuko zaigu. Haren gainean klik eginda, zuzenean eramango gaitu berak aplikaziora, eta dagokion testu-kutxan idatzita agertuko da kopiatu dugun testua.
Elhuyarrek sorreratik bertatik (1972) izan du hizkuntzak zientziarekin eta teknologiarekin lotzeko bokazioa, eta erreferente da euskararen eta inguruko hizkuntzen tratamenduan. 2002an ekin zion hizkuntza-teknologien arloko ikerkuntzari, eta handik bi urtera heldu zion itzulpengintza automatikoari. Geroztik, arlo horretako hainbat proiektutan esku hartu du, eta baita zerbitzuak erabilgarri jarri ere.
Aplikazioaz gain, webgunea ere badu Eliak: elia.eus. Webgune horretan, aplikazioko funtzionalitate berak aurkituko dituzu. Baita Eliaren teknologia baliatuz Elhuyarrek eskaintzen dituen zerbitzu aurreratuei buruzko informazioa ere.
Ažurirano dana
7. aug 2024.